Energiaren sektorea protagonista izaten ari da azken hilabeteetan, zoritxarrez eta ohikoa den bezala, interes geopolitiko eta ekonomikoek pertsonen beharren gainetik agintzen baitute. Prezioen aldakortasun eta ezegonkortasunak ondorio negatiboak dakarzkio ekonomiari oro har, eta benetako amesgaiztoa da familia ahulenentzat. 2021ean, etxebizitzaren, uraren, elektrizitatearen, gasaren eta beste erregai batzuen sektoreko KPIa % 23,3 igo zen eta b022an, egoera are gehiago okertu da.
Sektore elektrikoa: pixka bat atzera begira
1997 urtea une erabakigarria izan zen elektrizitatearen sektorean; izan ere, Espainiako merkatu elektrikoa liberalizatzen duen legea sustatu zen eta Enpresa Publikoa pribatizatzeko prozesua amaitu zen (ENDESA). Elektrizitatea oinarrizko ondasun izatetik merkantzia izatera igaro zen. Horrek, etekin handiena bilatzen duen logika kapitalistan barneratzea dakar.
Pribatizazio hori garaipen handi gisa saldu zen kontsumitzaileentzat. Agindu neoliberalen arabera, agertoki lehiakor horrek (eta ez estatuaren monopolio batek) sektore eraginkorra bermatuko luke, zerbitzua hobetuz, prezio ahalik eta lehiakorrenetan.
Baina errealitatea izan da prezioek etengabe egin dutela gora ordutik urterik urte, maximo historikoetara iritsiz, gaur egungo zifra kaotikoetaraino. Lehia libreak merkatu bat sortu du espainiar estatuan,eta hiru enpresa dira pastelaren %90a eskuratzen dutenak:ENDESA, IBERDROLA ta NATURGY.
Bien bitartean, herritarrek beren beharrei erantzungo dieten erantzunak sortu nahi izan dituzte. Alegia, pertsonak eta planeta onura ekonomikoen gainetik jarriko dituzten soluzioak. Azken urteetan ugaritu egin dira energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko proiektu kooperatiboak. Horri esker energia-subiranotasunean aurrerapausuak eman dira, proiektu deszentralizatu, demokratiko eta lurraldean errotuen bidez. Horien adibide argiak dira GoiEner edo Som Energia, ezarpen eta ibilbide nabarmenena dutenak. Baina gehiago dira martxan diren proiektuak. Izan ere, Europa mailan, horrelako kooperatibek urte asko daramatzate lanean. REScoop, herritarren energia-kooperatibak biltzen dituen europar federazioa, gaur egun ia 2.000 kooperatiba bazkidek osatzen dute. Guzti horiek 1,25 milioi pertsona baino gehiago ordezkatzen dituzte.
Elektrizitatearen prezioen igoeraren arazoa
Azken hilabeteetako merkatu elektrikoaren prezioen igoera hain bortitzak energia berriztagarria ekoiztu eta merkaturatzeko proiektu kooperatibo horien diruzaintza tenkatu du, modu kritikoan. Prezioen igoeraren ondorioz, nabarmen handitu da hainbat erakunderi elektrizitatearen merkatuan jardun ahal izateko aurreratu behar zaien diru-kopurua.
Alde batetik, merkatu elektrikoan energia eskuratzeko kostua nabarmen handitu da. Horren ondorioz, kobrantzen bidez berreskuratu ahal izan baino lehen aurreratu behar den diru-kopurua izugarri handitu da. Bestalde, handitu egin dira energia erosteko jarri behar diren bermeak (merkatu elektrikoak eskatzen duen mekanismoa).
Gainera, Gobernuak etxeetako elektrizitate-fakturaren igoera arintzeko hartutako neurrietako bat BEZa % 21etik % 10era jaistea izan zen. Neurri honek elektrizitatea luxuzko ondasun gisa tratatzeari uztea ekarri du. Baina merkaturatzaileek erosketaren eta salmentaren arteko BEZaren aldeari eutsi behar diote aldea konpentsatu arte, eta horrek diruzaintzan eragiten du.
Erantzuna ekonomia eraldatzailetik eta finantza kooperatiboetatik
Segur aski, prezioak igotzeko arrazoiak bat baino gehiago dira. Baina, funtsean, baliabideen neurrigabeko erauzketan oinarritutako sistema ekonomiko baten alertak dira, gero eta gehiago kolapsoaren mugan kokatzen den sistemaren abisuak. Ekonomia eraldatzaileak eta finantza etiko eta kooperatiboek urteak daramatzate alternatibak sortzeko lanean. Zehazki, ekonomia eraldatzailearen finantza-tresnak, hala nola Coop57, egoera horri bi erantzun handi ematen ari zaizkio.
Alde batetik, erakundeen finantza-beharrei erantzun nahi zaie. Coop57k 2 ‘5 milioi euroko maileguak eman dizkie GoiEner eta Som Energiari azken hilabeteetan, merkatu elektrikoan ekoizpen eta merkaturatze-jarduera garatzen jarraitzeko behar duten finantza-sendotasunaz hornitzeko. Konpromiso politiko eta sozialetik abiatuta, lankidetzatik abiatuta, eta zailtasun-uneetan ahaleginak batzea inoiz baino beharrezkoagoa dela jakinda.
Bestalde, Coop57k trantsizio energetiko baterako lan egiten duten proiektuei lagundu nahi die, trantsizio horrek orain arteko paradigma betikotzen ez duten bitartean: aberastasunaren metaketa eta ekoizpen-sistema zentralizatua, ingurumenaren jasangarritasuna ahalbidetzen ez duena, edota kontsumo-eskaerei erantzun ordez estrategia geopolitikoei eta merkatu-estrategiei erantzuten die egungo paradigma.
Ekoizpen deszentralizatuaren eta kontsumo kooperatibo eta demokratikoaren ekintza eraldatzaileari honako hauek gehitu behar zaizkio: autoekoizpena eta kontsumo partekatua, eraginkortasuna eta kontsumoaren murrizketa, eraikinen birgaitze energetikoa, mugikortasun iraunkorra, herritarren prestakuntza eta pobrezia energetikoaren aurkako borrokan egindako ekarpena.
Herritarren energia-komunitateen proiektuei erantzutea da helburua. Erabaki-egitura horizontalak eta kolektiboak sortzea eta horiei eustea, energiaren erabileran eta subiranotasun energetikoan sakontzeko kultura berri baterantz aurrera egin ahal izateko.